KUKUBASO ARGAZKI LEHIAKETA

OINARRIAK

Kukubaso Elkarteak, elkartearen 5.urteurrenaren egitarauaren baitan, argazki lehiaketa antolatu du. Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da elkartearentzat eta oraingo honetan basoak ikusteko eta irudikatzeko ditugun modu anitzak jaso nahi ditugu, argazkilaritzaren bidez. Azken jarduera gisa, erakusketa egingo da hautatutako lan onenekin.

Oinarriak:

  • Gaia: Bertako basoak.
  • Parte hartzeko ezinbestekoa izango da Bergaran erroldatuta egotea.
  • Edonork parte har dezake, bai elkarteko bazkideek eta baita bazkide ez direnek ere.
  • Argazkiak aurkezteko epea ekainaren 15etik irailaren 20ra izango da. Lan onenekin erakusketa egingo da.
  • Parte-hartzaile bakoitzak 3 lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez.
  • Argazkiak formatu digitalean (jpg) bidali beharko dira helbide honetara: argazkilehiaketa2026@gmail.com , hurrengo datuekin:
    • Izen-abizenak
    • Telefono zenbakia
    • Argazki bakoitza izenburuarekin

Anonimotasuna bermatze aldera, epaimahaikideek argazkiak jasoko dituzte baina datu pertsonalik ez.

  • Ez da onartuko beste lehiaketa batean saritua izan den argazkirik.
  • Ez da onartuko argazki-muntaketarik, manipulaturik ezta izaki bizidunen manipulazio desegokia edo tratu txarrak ageri diren argazkirik ere.
  • Sariak honakoak izango dira:
    • Sari orokorra: BADASS PROJECT dendan erabiltzeko bonoa (100 euro) + Kukubasoko otarra.
    • Bazkide onenaren saria: BADASS PROJECT dendan erabiltzeko bonoa (100 euro) + Kukubasoko otarra.
  • Partaideek aurkeztutako argazkien kopiak erresoluzio handian gordeta izan beharko dituzte, erakusketarako aukeratuak izanez gero, 30 x 40 tamainan inprimatu ahal izateko. Epaimahaiak zalantzarik izanez gero, artxiboak RAW formatuan aurkezteko eskatu ahal izango du.
 

DATU PERTSONALAK BABESTU ETA TRATATZEA: Lehiakideek baimena ematen diote Kukubaso Elkarteari bere datu pertsonalak erabiltzeko eta tratatzeko, automatizatuta izan edo ez, beti ere aurkezten den lehiaketarekin zerikusia duten kudeaketak egiteko edota erregistratzeko bada. Azaldutako guztia gorabehera, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dira kukubasoelkartea@gmail.com idatziz.

ESKUBIDEAK: Argazki guztiek pertsonen intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideak errespetatu behar dituzte, arlo horietan indarrean dagoen legeriaren arabera. Parte hartzaileak deklaratzen du baduela parte hartzeko erabili duen argazkian agertzen diren pertsona identifikagarrien esanbidezko adostasuna, argazkiak atera dakizkiekeen adingabeen aitaren, amaren edo tutorearen baimenarekin, bai eta jabetza intelektualeko, industrialeko, irudiko edo beste edozein motatako eskubideen titularrek behar dituzten baimen guztiak ere, argazkiari edo lehiaketan parte hartu duten argazkietan txertatutako edukiei buruzkoak, eta, beraz, antolatzaileak ez duela inolako erantzukizunik izango. Saritutako irudiak eta lehiaketan aurkeztutakoetatik erakusketarako hautatutako irudiak Kukubaso Elkartearen  jabetzakoak izango dira. Argazki horiek jendaurrean zabaltzeko, erreproduzitzeko eta eraldatzeko eskubideak doan lagako zaizkio Kukubaso Elkarteari. Lagapena esklusiboa da denbora mugarik gabe erabiltzeko eta egileak berariaz uko egiten dio sari gisa jasotakoaz bestelako beste edozein konpentsazio eskatzeari. Hautatuak ez diren argazkiak ezabatzeko konpromisoa hartzen du Kukubaso Elkarteak. Argazkiak argitaratzean, parte hartzailearen izen-abizenak baino ez dira adieraziko, inolako baldintzarik gabe, eta horrek ez du ekarriko inolako kontraprestaziorik ordaintzea. Horretarako, parte-hartzaileek baimena ematen diote Kukubaso Elkarteari argazki bakoitza eta egilearen izena informazio eta sustapen material orotan ager daitezen, inprimatuetan zein digitaletan, eta sare sozialetan.

 

OHARRAK ETA ERANTZUKIZUNAK: Lehiaketan parte hartzeak lehiaketaren oinarri guzti-guztiak onartzea dakar. Oinarrietan aurreikusi ez den edozein inguruabar lehiaketako epaimahaiak ebatziko du, bere kabuz. Parte hartzaileak adierazten eta bermatzen du bera dela argazkien egile bakarra, bere obra lan originala eta indibiduala dela, ez dituela hirugarren batzuk plagiatu edo usurpatu, eta lehiaketara aurkezten dituen argazkien gaineko egile eskubide guztien titularra dela. Obrarekin lotutako jabetza industrial edo intelektualeko eskubide urraketaren batengatik demanda edo erreklamaziorik aurkezten bada, parte hartzaileak antolatzailea erruz gabetzen du. Elkarteak beretzat gordetzen ditu lehiaketatik eratortzen diren irudi, argitalpen eta erreprodukzio eskubide guztiak. Parte hartzaileek doan lagako dituzte euren irudiei lotutako eskubideak. Kukubaso Elkarteak ez du erantzukizunik izango edozein gertakariren gainean, hala nola obrak edo parte hartzaileen materialak galtzea edo hondatzea lehiaketa egin eta lanak erakusgai jarri bitartean. Kukubaso Elkarteak eskubidea izango du legearen aurkako argazkiak edo beste erabiltzaile batzuentzat iraingarriak izan daitezkeenak baztertzeko.